XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Aurreko hamarkadan, 1950ekoan, era aski isolatu eta mugatuan agertzen diren kultur birpiztearen lehen muskilak orain herri-mugimendu aski sendo bihurtzen dira.

Bertsolaritza, euskal kanta berria, Ikastolak, komunikabideak (prentsa, irratia, etab.) eta euskal argitalpenak (aldizkariak eta liburuak), 1960ko hamarkada honetan, euskal gizartean sustraiak sendo botata dauzkan kultur gertakaria da, sistema frankistak, neurri murriztaile eta zapaltzaileak erabiltzen dituen arren, suntsitzea lortzen ez duen zerbait da (Iztueta, 1985, 392-406).

Alfabetatze eta euskalduntzearen hezkuntz gertakaria, bada, gizarte-testuinguru orokor horren barruan sortzen eta garatzen da.

Funtsean, herri-mugimendu baten ondorio da.

Bigarrenik, erakundeak dauzkagu; Euskaltzaindiak eskainitako babes ofizialaz gain, are garrantzizkoago eta oinarrizkoagoa izan zen, iruditzen zaidanez, Elizak garai honetan jokatu zuen zeregina (Iztueta, 1981;1987,181-203).

Zehazki, alfabetakuntz mugimenduak, orotara hartuta eta antolakuntz mailan, batez ere Gipuzkoa eta Bizkaian aski sendo erroturik zegoen eliz-mugimenduen azpiegiturari esker funtzionatu zuen; areago, irakasleen artean gehienak jadanik seminario eta komentuetan alfabetutakoak ziren:

%32,3, guztira (Arregi, 1992, 260); euskarazko produkzio idatziaren mailan, klerigoek gehiengoa izanez segitzen zuten artean, 1962-63 epealdian %75a osatzen zutelarik; oreka hurrengo hamarkadan, 1972-73 epealdian alegia, iristen da, laikoek aurrea hartzen dutelarik doi-doi %53,1arekin (Sarasola, 1975, 75-82).

Horregatik, historiografia politikoak behar adina azpimarratzen ez badu ere, bada arrazoirik aski eliz-protagonismoaren aingura gainean mailukatzen iharduteko.

Azkenik, alfabetakuntzaren zuzeneko agenteak, irakasleak alegia, geratzen dira aipatzeko.

Irakaslego honen soziologi fisonomia, 1960-79 epealdiari dagokionez, hauxe da: joera nagusi gisa, gehienak (%68,7) Gipuzkoatik datozenak dira, gizonezkoak (%70,7), gazteak, hau da, 1960ko hamarkadan 20 urte-inguru zituztenak (%53,5), goi-ikasketak (%36,4) eta erdikoak (%28,3) eginda dauzkatenak (Arregi, 1992, 255-257).